Aldaketa euskaratik eman dadin akuilu lana egiteko borondatea berretsi dute

Gaur urtebete milaka euskaltzalek Anaitasuna kiroldegia bete zuten. Bertan, Nafarroan aldaketa euskaratik eman zedin aldarrikatu zen orduan. Urteurrena aintzat hartuz, herri gogo bizia dutela eta benetako aldaketa eman dadin akuilu lana egiteko prest daudela berretsi dute hainbat herritarrek Anaitasunan bertan. Euskaraz bizitzeko nahia ikusgarri egiteko dei egin dute, horretarako Bide eman euskarari, euskaraz bizi nahi dugu lelopean ekainaren 4an egingo den manifestaziorako gonbita zabaldu dute, testu hau irakurriz:

 

“Arratsalde on, gaur urtebete milaka lagun elkartu ginen atzean dugun Anaitasuna pabiloian. Euskaraz bizitzeko nahiak bildu gintuen hemen. Bertan, euskaraz bizitzeko gure nahiaz gain, aldaketa behar genuela ere aldarrikatu genuen. Nafarroan orduan hizketagai genuen aldaketa, euskaltzaleok ere behar eta nahi genuela, baina guk aldaketa hizki larriz nahi genuela aldarrikatu genuen eta horretarako, aldaketa hori euskaratik egin behar zela esan genuen.

Iazko ekitaldian, euskaraz bizitzeko genituen zailtasunak salatu genituen; besteak beste, Nafarroa osoan euskaraz ikasteko zailtasuna, euskarazko hedabideen egoera prekarioa… Eta horrekin batera, Kontseiluak alderdiei hizkuntza-politika egokia egin dezaten luzatutako proposamenarekin bat egin genuen. Aldaketa euskaratik egiteko prest egon zitezkeen arduradun politikoei ere eskua luzatu genien, bide batez, beharrezkoak ziren neurriak hartuz gero, gure babes osoa eskainiz.

Urtebete igaro da ordutik. Herritarrok egindako lanari esker, desio genuen Gobernu aldaketa eman zen azken hauteskundeen ondoren. Urtebete honetan, gauzak aldatu dira, bai noski, euskararen normalizazioaren bidean urratsak eman dira, arlo desberdinetan. Eta hori baloratu nahi dugu gaur.

Ez gaude, ordea, orain urtebete desio genuen egoeran. Uste dugu, oraindik ere urrats handiak geratzen zaizkigula egiteko eta pauso horiek elkarrekin egin behar ditugulakoan gaude. Euskaraz bizi nahi dugun guztion indarra behar du euskarak.

Ohituta gaude bitartekorik gabe eta baldintza zailetan proiektu handiak sortzen. Herri gogoaren zutabea sendoa da gure herrian eta, izan proiektuak eraikitzeko, zein erasoen aurrean erantzuna emateko, kalean aritu gara lanean.

Bada, momentu honetan egoera desberdina izanik ere, uste dugu gure indarrak beharrezkoa izaten jarraitzen duela. Eta euskaraz bizitzeko dugun nahia lau haizetara zabaldu behar dugula. Gure egunerokoan, baita kalean ere, euskarari bide eman behar diogulako, euskarari bide ematen diogulako.

Horregatik, euskaraz bizi nahi duten herritar guztiei dei egin nahi diegu, ekainaren 4an egingo dugun manifestazioan parte hartu dezaten. Euskarari bide ematen diogula erakutsi nahi dugu manifestazio horretan. Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuz, helduak euskaldunduz, euskal kultura sustatuz, hedabideak gure eskura jarriaz, lan mundua euskaldunduz… Eta, noski, milaka herritarrek euskaraz bizitzeko hautua eginez euskarari bide ematen diogu, eta hori ere karriketara atera behar dugu, are ikusgarriago egin behar dugu euskaraz bizitzeko nahi hori. Izan bagarelako eta badagokigulako. Hartara, ekainaren 4an euskalgintzari eta euskaltzaleei esker euskarari bide ematen diogula ikusaraziko dugu”.

 

Please reload