top of page

Euskara eskubidea. Ni más, ni menos.


Gaur gaurkoz, euskaraz ikasteko oztopoak ditugu Nafarroa osoan eta irakaskuntza maila guztietan: haur eskoletan, lehen hezkuntzan, lanbide heziketan eta unibertsitatean.

Euskaraz bizitzea da gure hautua. Gure eskubidea delako, bai. Baina baita elebitasun errealak eleaniztasunerako jauzia emateko eskaintzen dituen abantailengatik ere. Bi hizkuntza ongi menperatuta, errazagoa da hirugarren bat ikastea. Eta Nafarroan, batzuek ikusi nahi ez arren, bi hizkuntza modu egoki eta orokortuan irakatsi eta ikasi ahal izateko bide bakarra euskarazko murgiltze eredua eskaintzea da. Gure txikientzako hori da nahi duguna, eta hautu hori egin nahi duen orok aukera izatea ere bai: Nafarroa osoan eta maila guztietan. Eta barkaezina da gure hizkuntzaren irakaskuntza nafar guztiei ez bermatzea Nafarroako Instituzioetatik: haien lana da egoera gutxituan dagoen hizkuntzaren aldeko neurriak hartzea, herritarrei gehiago jakiteko aukera eskaintzea; ez, ordea, oztopoak jartzea.

Hortik datoz euskararen kontrako azken erasoak: NA+k alkatetza duen Iruñeko Udalak, haur eskoletako egungo eskaintza erdira baino gutxiagora murriztuko duela iragarri du, gehiegizko eskaintza dagoela argudiatuta, gauza jakina izan arren euskarazko plazak bete egiten direla. Eskaintza eta eskaria binomioaren atzean ezkutatu nahi den euskarafobia gordina. Eta argi eta garbi esan nahi dugu ezin dugula ahaztu eskubideez hitz egiten ari garela, ez garela zenbakiak, pertsonak gara, eta zentzu horretan, euskaraz ikasteko eskubidea dugu irakaskuntza publikoan.

Gogorarazi nahi dugu Iruñean luzez soilik bi haur eskoletan eta auzo bakarrean eskaini dela euskaraz (Txantrean eta plaza kopuru murritza), eta duela 2 urte emandako aldaketak egoera arindu zuela, plaza kopurua handitzearekin batera 4 auzotara hedatu zelako eskaintza. Hori horrela, azken eraso honek Antsoaingo ume zein gurasoetan eragina du ere. Antsoaingo haur eskolan ez da inoiz eskaini euskaraz ikasteko aukera, eta hautu hori egin nahi duten gurasoek Iruñera jo behar dute. Hemendik aurrera, gainera, zailago izanen dute berez injustua den hori egitea.

Arazoa, baina, ez da haur eskoletan amaitzen. Mendigorrian D eredua ez duela abian jarriko jakinarazi du berriki Hezkuntza Departamentuak, eskaera egon arren: bertakoa ere ez omen da nahikoa, aurrera begira aukera garbiak egon arren. Berriro ere, herritar batzuk bigarren mailako herritar gisa tratatuak, aukera berdintasuna ukatuz. Eta Departamentu berak ez dio onartu Kastejoneko ikastetxeari PAI programatik ateratzea eta D ereduan sartzea. Berria egunkariko titular bat gogora ekarriz, PAI nahitaez; D eredua nahita ere ez. Hori gutxi ez, eta aurtengo matrikulazio kanpainan Nafarroako Gobernuak ez du lagundu D ereduaren aldeko kanpaina.

Balirudike eremu misto eta ez euskaldunera murrizten direla arazo hauek. Baina Sakana bezalako eskualdeetan ere arazoak daude Lanbide Heziketan euskaraz ikasi ahal izateko. Eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere egoera kezkagarria da: euskaraz ikasi nahi duten ikasle askok beste unibertsitate batzuetara joan behar izaten dute ikasketak euskaraz egin nahi badituzte, Nafarroan bertan ikasketa horiek soilik gaztelaniaz eskaintzen direlako. Magisteritzako ikasketak kenduta, urriak dira, oso, euskaraz eskaintzen diren ikasgaiak.

Zoritxarrez, hezkuntza eremutik gaindi ere euskarafobiak aurrera darrai: euskarazko hedabideei laguntzak kenduz, euskararen ordenantzak murriztuz, euskarazko pailazoen ikuskizunak betatuz…

Ez gaude prest gure eskubideetan atzera egiteko. Eskubideetan aurrera egiteko garaia da. Nafar herritar guztiak berdintasunean tratatzeko garaia. Euskara eskubidea delako, ni más ni menos.

Hori dela eta, otsailaren 29an, 17:00etan Golemetan espero zaituztegu. Guztion artean tamainako arazoari neurriko erantzuna emanen diogu. Ozen adieraziko dugu euskara eskubidea dugula.

bottom of page