top of page

AEKn, Bultza euskaltegiak!-Bultza euskara! izeneko dinamika jarriko dugu abian, aurten ere euskaldun

Euskal Herriko herritarren % 55 erdalduna da. Berdintasunean oinarritutako jendartea amets badugu, argi dago herritar helduen euskalduntzea beharrezkoa dugula, guztion eskubideak bermatzeko zubia delako. Beraz, euskaltegi sendoak behar ditugu; bide

onetik goaz, urtero-urtero 45.000 herritarretik gora euskara ikasten ari baitira horietan, baita pandemiak eragindako ikasturte zohiko honetan ere. Bultza ditzagun euskaltegiak! Bultza dezagun euskara!


Hala eta guztiz ere, arlo horren finantzaketa ez da aski, aurrerapausoak eman diren arren. Esate baterako, AEK Euskal Herri osoan aritzen da; herritarrei euskara ikasteko aukera ematen zaie edonon bizi direlarik ere; horregatik, gaur egun, hiru

administrazioetatik (EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria) arloari bultzada estrategikoa eman behar zaiolakoan gaude.


Hurrengo hilotan, Bultza euskaltegiak!-Bultza euskara! izeneko dinamika jarriko dugu abian, aurten ere euskalduntze-mugimenduaren garrantzia plazaratzeko. Duela 55 urte Rikardo Arregik bidalitako gutun hartan argi islatu zen helduen euskalduntzea ezinbestekoa zela, orduan, euskararen biziberritze osoa lortzeko. Gaur egun, bide oparo eta nekaezina eginda ere (ikerketek diotenez, jendarteak azken hamarkadetan irabazi dituen hiztun berrietatik heren bat euskaltegietatik atera da), bistan da euskaltegiok buru-belarri segitu behar dugula lanean.


Hiru ardatz izango ditu:


  • 2021eko gutuna. Hori dela eta, Bultza euskaltegiak! dinamikaren barruan, gutun bat helaraziko diegu Euskal Herriko administrazio nagusiei, datozen urteetan euskalduntze-mugimenduak nolako baldintzak izan behar dituen jasota. 1966ko urtarrileko gutunetatik, 2021eko apirileko eskutitzera igaroko gara. Eta Eragileok, Bultza euskaltegiak!-Bultza euskara! Mota guztietako eragileekiko lan-ildo amankomun bat ere jorratzen ari gara. KORRIKAren aurreko edizioan, Albaolako/Bastidako ekimena egin genuen, non hainbat eragilek KLIKA egin zuten; konpromiso bat hartu zuten, alegia. Orain, harreman horiek sustatzen segitu nahi dugu, eragileek aurrerapauso gehiago emateko, akuilu-lana ere egin dezaten beren eremuan; gobernuek eta herritarrek jokatzen duten rolaz gain, eragileek ere paper garrantzitsua dutelako.


  • Herritarren bultzada nahi dugu, aurten ere euskararen lekukoa, euskaltegien aldeko bultzada, kalean egon dadin. Administrazioaren aldetik, urrats gehiago egin daitezen borrokatzen garen bitartean, jendartearen arnasa ere ezinbestekoa dugu. Hori dela eta, Euskal Herriko hainbat tokitan Bultza Euskaltegiak! ekitaldi xumeak antolatuko ditugu martxoaren 28an, unean uneko osasun-neurrietara zeharo egokituak; momentu honetan, 45 gune lotuta dauzkagu eguerdiko 12:00etan ekitaldiak aurrera eramateko, baina behin betiko zerrenda ez dugu oraindik itxi. Gune gehiagotan egiteko aukerak aztertzen jarraitzen dugu.


  • Azkenik, gaurtik hasita eta martxoaren amaierara arte, Bultza euskaltegiak-Bultza euskara! egizu ekarpena kanpaina ere abiatu dugu. Korrika atzeratzeak zuloa eragin digu aurrekontuan, zalantza barik, eta banku bidezko finantzaketaren bitartez eman diogu erantzuna, hasiera batean. Zorpetze horri ere aurre egin beharko diogu, eta herritarren sostengua nahi dugu. Aurten bultzada txiki bat, eta hurrengo ikasturtean izango den KORRIKAk babes erraldoia jasoko duelakoan gaude, benetan behar dugu-eta. Ekarpenak AEKren webgunean egin daitezke, hainbat eratan.Ikusi hemen.


Laburbildurik, agerian utzi nahi dugu, egun ere, euskaltegion ezinbesteko rola Euskal Herri euskalduna izango badugu; eta, bide horretan, herritarron nahiz eragileen babesaz gain, administrazioen laguntza ere behar-beharrezkoa zaigu. Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!

Comments


bottom of page