Euskara ikastaroak

Gaurtik aurrera abian jarri dugun kanpainan, irudian modu ausartagoan eta nabarmenagoan islatu dugu EUSKARA hitza, eta iruditzen zaigu ideia hori azpimarratzen segitu behar dugula: euskara erdigunean jarri, guztion eskura, ahalik eta herritar gehien euskaltegi bidean jartzeko.

Azken ikasturteek erakutsi digute euskaltegietako lana bizi-bizirik dagoela. Matrikulazioa gora egiten ari zen etengabe azken urteetan; pandemiak zertxobait apaldu zuen, logikoa den bezala, baina, era berean, azken bi urteetan ikusi dugu egoera zail horretan ere euskara ikasi-hobetu nahi duten herritarren gogoa hortxe dirauela, eta ikasle-irakasleen ahaleginari esker, unean uneko babes neurriak beteta, euskalduntze prozesuan aurrera egin dugula. Arrakasta handiz burutu ditugu ohiko ikastaroak milaka lagunekin batera. Gainera, iaz, kopuruek gora egin zuten berriro, eta zinez uste dugu laster hasiko den ikasturtean herritar gehiago hurbilduko dela euskaltegietara.

Hori dela eta, herritarrei gogorarazi nahi diegu AEKn bidelagun onena aurkituko dutela euskara ikasteko, nahi duten euskara mailaraino iristeko.


Hortaz, gure ikastaroen berri izateko, egin klik hemen

Beraz, etxeko eta lagun arteko harremanak euskaraz izateko, lan-egoera hobetzeko, bilatzen ari diren euskara-maila ezagutzeko, eta abar, herritarrek AEKn aukera ugari dute. Bizidekar horietan bezala, ikastaroetan herritarrek bidelagun onenak izango dituzte, AEK irakasleak, hain zuzen, ikasleak ikasprozesuan aurrerantz egin dezan, eta, euskara, pasio handiz ezagutu eta erabil dezan. Irakasleen profesionaltasuna eta berotasuna, alegia.

Datozen asteetan, kanpaina aktibo eta handi batean murgilduko gara, EUSKARA foku guztietan jarriz, eta zuek ere animatzen zaituztegu euskara ikasteko deialdia lau haizetara zabaltzera.