top of page

IRUÑERRIKO MINTZODROMOA: tar-tarrean goxo-goxo


AEK, IKA, Iruñeko Hizkuntza Eskola, Zubiarte euskaltegi Publikoa eta Iruñerriko Mintzakideegitasmoa elkartu dira Iruñerriko lehen MINTZODROMOA abian jartzeko. Bertan, euskaraz poliki, ongi eta oso ongi ari diren Iruñerriko euskaldunak elkartu nahi dituzte, elkarrekin harremana egin, eta iritziak trukatzeko hainbat gairen inguruan. Pandemiak bakarturik eta etxeraturik eduki gaituen garaia atzean geratu dela dirudien honetan, euskararen zurrumurru gozoan elkarrekin egoteko eta aritzeko gogo biziz elkartuko direla uste dute. MINTZODROMOA hainbat gairen inguruan norberaren iritziak trukatzeko gunea da. Horretarako, antolatzaileek hiru gai proposatuko diozkiete, eta horien inguruan aritzeko gidoitxoa ere bai. Lau-bost laguneko taldeak eginen dituzte, eta 10-15 minutuz gai baten inguruan aritu ondoren, tokia eta gaia aldatuko dute, eta beste talde batean arituko dira beste gai baten inguruan beste 10-15 minutu tar-tarrean. TAR-TAR GOXOAN. Hori egindakoan, berriz ere gaia eta mintzakideak aldatu eta gauza bera eginen dute. Ekitaldia hasteko animatzaileren baten sarreratxoa izanen dute, eta amaitzeko, elkartutako guztiak, denak batera, abesti ezagun bat kantatuko dute. Ekitaldia Iruñeko Autobus Geltoki zaharreko nasetan eginen dute, urriaren 28an arratsaldeko sei eta erdietan. Izena emateko, kartelean ageri den QR-an edo esteka honen bitartez https://labur.eus/tartarreangoxo egiten ahal izanen duzue, urriaren 13a eta 22a bitartean. Eman izena lehenbailehen, tokirik gabe gera ez zaitezen.

Harremanetarako: irunerrikomintzodromoa@gmail.com

bottom of page