top of page

Matrikulazioa zabalik da AEKko euskaltegietan, herritarrek euskara eroso ikas dezaten bertan

AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideek* 2024-2025 ikasturteko matrikulazio-kanpaina aurkeztu dute Bilboko Kalderapeko Kulturgunean. Hitza Lurdes Etxezarreta Artabek, Bizkaiko ordezkariak, hartu du.


Euskara ikasi, hobetu eta praktikatu nahi duen orok zabalik ditu euskaltegietako ateak, eroso ikasteko. Horri begira, AEKk 100 euskaltegi baino gehiago ditu Euskal Herri osoan, eta horien bidez beste hamaika herritara iristen da.


Euskaltegi horiek ordutegiak, modulazioak, mailak... eskaintzen dituzte, ikasleen beharrizanetara egokituak. AEKk euskara-eskolak ematen ditu enpresa, udal, elkarte, ikastetxe eta abarretan. Pantailen beste aldetik ere, nahi duen orok euskara eroso ikasteko aukera du, AEKren online-euskaltegiko ikastaroen bitartez, esaterako.


Gure euskaltegietan, zalantza guztiak argituko dizkiete euskara ikasi nahi duten lagunei; baita www.aek.eus webgunean ere, edo gure telefono-zenbakietan: 607 608 036 / 607 616 923


AEKn, euskara eroso


AEKren xedea da Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzea, eta, hori dela-eta, euskararen ezagutzan, erabileran eta sustapenean aritzen da. “Herritarrek, ahalegin berezirik egin beharrik gabe, euskara eroso erabiltzeko baldintzak izatea nahi dugu, euskaraz hitz egiteagatik deseroso edo baztertuta sentitu gabe”, adierazi du Lurdes Etxezarretak.


“Euskaltegiak euskara ikasteko gune erosoak izatea nahi dugu”, eta ikasleak handik ateratzean gure hizkuntza arlo guztietan erabiltzeko aukera izan dezaten bilatzen dugu: lagunartean, familian, lanean, aisialdian…”; horretarako, eskaintza integrala badu AEKk: online zein aurrez aurre euskara ikasteaz gain, erabilerarako aukerak ere eskaintzen ditu, honako hauek besteak beste: AIZU! aldizkaria, euskaraz irakurtzeko; Praktikaturen eskaintza, mintzapraktika giro atseginean egiteko; Ahize aholkularitzaren laguntza, lan-esparruan euskara normalizatzeko...


Halaber, Etxezarretak gogorarazi du azkenaldian epaitegietatik datozkigun sententziek ez digutela uzten euskaraz eroso bizitzen, eta behin eta berriz urratzen dituztela hizkuntza-eskubideak. “Gure eguneroko bizimoduan, euskaldunak garen heinean, eroso bizi nahi dugu euskaraz. Horregatik, euskaraz eroso bizitzeko aukera eskaini nahi diegu gure euskaltegietara hurbilduko diren guztiei, ikas-prozesua eroso bizi dezaten, estutuko dituen oinetakorik gabe, bizimodua deseroso bihurtzen diguten traba, muga eta oztopo barik, hizkuntza-eskubideak urratzen dituen sententziarik jaso gabe epaitegietatik”.


Dirulaguntzak


“AEKtik doakotasuna aldarrikatzen dugu, uste baitugu administrazioek bermatu behar dutela euskara doan ikasteko herritarren eskubidea. Azkenaldian urratsak egiten ari badira ere, oraindik badago zeregina benetako doakotasuna lortzeko: besteen artean, herritarrek dirurik aurreratu behar ez izatea”, adierazi du AEKko eledunak.


Gaurko agerraldian, azpimarratu dute A1 mailarako dirulaguntza berria, doakotasunaren bidean beste urrats bat eta pizgarria euskaratik urrun bizi direnentzat: EAEn euskara 0tik ikasi nahi duten ikasleen matrikula merkeagoa izango da hemendik aurrera. Alegia, A1 mailako euskara ikasleek orain arte ordaintzen zuten matrikularen laurdena ordainduko dute aurrerantzean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako edozein euskaltegitan.


Ildo beretik, pasa den ikasturtean zabaldu zen dirulaguntza-lerroaren moldaketa egin du Eusko Jaurlaritzak, baina 16-18 urtekoentzat C1 maila prestatzeko dirulaguntza ere badago aurten.


 Era berean, bestelako erakundeek ere (udalek, aldundiek, mankomunitateek, administrazio nagusiek..) ematen dituzte dirulaguntzak. Euskal Autonomia Erkidegoan, hain zuzen, B2ra arteko prozesua doakoa da, maila euskaltegian nahiz deialdi ofizialetan egiaztatuz gero.


Bestalde, Nafarroan eta Iparraldean ere badira euskara ikasteko diru-partidak. Alta, Nafarroako eremu batzuetan —Ager eremuan, zehazki— euskara-ikasleek Errigora bekaren laguntza ezinbestekoa dute.


Informazio hau ere berariazko orrialde batean bildu dugu, aek.eus webgunean: www.aek.eus/dirulaguntzak


Euskaltegi berriak/berrituak


Gure euskaltegietan, ikasleek euskara eroso ikasteko eta bizitzeko aukera izango dute. Gainera, ikasturte honetan, euskaltegi berriak eta berrituak izango ditu AEKk: Galdakaoko Barandiaran euskaltegi berritua ekainean zabaldu genuen, eta dagoeneko ikasleek ezagutzen dituzten beste bi euskaltegi berri inauguratuko ditugu laster: Oreretako Xenpelar AEK eta Mungiako Kinttopeko AEK.


Agerraldia horrela bukatu du Etxezarretak: “KORRIKAn HARRO bete genituen kaleak; orain, bete ditzagun euskaltegiak EUSKARA EROSO BIZITZEKO”.


*Partaideak: AEKko Artezkaritza Kontseiluko kideak (Aize Otaño Lizarralde, Gipuzkoako ordezkaria; Xabier Gartzia Castell, Nafarroako ordezkaria; Bixente Claverie, Iparraldeko kidea; Maialen Begiristain Grado, Arabako ordezkari berria —Aitziber Balantzategi Ibargoitiaren ordezkoa—; eta Lurdes Etxezarreta Artabe, Bizkaiko ordezkaria)

Comments


bottom of page