top of page

AEK JENDEA 2018: TAMARA DELGADO, LEIRE URIBE-ETXEBARRIA ETA AINHOA FERNANDEZ

Aurten, euskararen normalizazioa ziztu bizian bizkortzen ari den lurraldea nabarmendu dugu, Araba, hain zuzen. Hori dela eta, 2018.urtean, Gasteizko AEK-ko euskaltegietan ari diren hiru ikaslerekin hitz egin dugu; are gehiago, hiru emakumerekin. Izan ere, datuen arabera, emakumeak dira nagusi euskaltegietan, eta, hori gutxi balitz bezala, emakumeek gehiago erabiltzen dute euskara.

Horrenbestez, Tamara, Leire eta Ainhoa ezagutuko ditugu. AEK jendea dira, eta guretzat plazer handia da tarte hau haiei eskaintzea.

Tamara eta Leire gazteak Aixkiria AEK euskaltegiko ikasleak dira. Tamara, Nafarroako hegoaldeko herri txiki batekoa bera, Gasteizen bizi da, eta bertan euskaldundu du bere burua. Jende askori gertatu bezala, lorpen horrek harro sentiarazten du, eta, gainera, pertsona irekiagoa izateko bultzada eman dio. Leirek, berriz, bestelako bidea egin du euskararekin. Txikitatik ikasi du euskaraz, eskolan nahiz unibertsitatean. Dena den, guztiz bat dator euskaltegietan ugaritzen ari den profil jakin batekin: C1 mailako egiaztagiria eskuratzeko azterketa prestatzeaz gain, euskara maila hobetzeko asmo tinkoarekin hurbildu da AEKra. Tamara eta Leire, bide desberdinetatik datozen arren, antzeko egoeran daude: pozik eta harro euskaltegian, eta tinko eutsita euskaraz bizitzeko konpromisoari.

Azkenik, Ainhoa Zadorran bertan bizi da, eta bertako euskaltegian ikasten ari da. Gasteiztarra da, eta, aitortu digunez, euskara gero eta gehiago erabiltzen du bere bizitzako hainbat arlotan. Horien artean, alabak rol garrantzitsua jokatzen du, euskara ikasteko eta hobetzeko arrazoi nagusietakoa baitu. Hori dela eta, Ainhoa eta alaba ohikoak dira udako familia-barnetegietan.

bottom of page